BABY LED WEANING: ZER DEN ETA NOLA ERAMAN PRAKTIKARA

Sei hilabeteko haurrei bularreko esneaz edo esne artifizialaz gain, elikadura osagarria ematen hasi behar zaie. Horretarako hainbat metodo ezagutzen dira, ezagunena umeari elikagaiak ahiaren bidez ematea delarik. Azkenaldian baby led weaning metodoa hainbatetan entzun dugunez, honi buruz hitz egitea erabaki dugu.

Euskarara honela itzuliko litzateke, baby: haurra, led: zuzendu eta weaning: titia kentzea. Hau horrela izanik, umeak bularreko esne edo esne artifizialarekin batera elikadura osagarria hartzea da, baina elikagai hauek solidoak dira hasieratik. Elikadura osagarriak ez du esnea ordezkatzen, baizik eta, osatu egiten du, haurraren dieta askotarikoa izanik.

METODOAREN OINARRIAK

Metodo hau ezberdina da eta honetan datza:

  • Haurra familiakoekin batera mahaian esertzen da eta parte hartuko du prest dagoenean.

  • Janariarekiko interesa adierazten duenean probatzera animatuko zaio eta eskuekin hartzea baimendu.

  • Umeak janaria maneiatu ahal izateko tamaina eta forma egokitan aurkeztu behar zaio, ez da birrinduta edo pure moduan emango.

  • Bakarrik jango du hasieratik, beste pertsona batek koilara bidez eman beharrean.

  • Haurrak erabakitzen du zenbat jaten duen eta noiz probatu elikagai ezberdin bat.

  • Esnea hartzen jarraituko du eta berak erabakiko du noiz hasi esne hartualdiak gutxitzen.

blw2

SOLIDOEN SARRERA

Gaur egun, solidoak seigarren hilabetetik aurrera hartzea gomendatzen da, izan ere, lehenago zailagoa egiten zaie esnea ez den beste edozer liseritzea. Seigarren hilabetea baino lehen solidorik ematea ez da gomendatzen, janariak ez duelako bularreko esneak edo esne artifizialak baino kaloria eta nutriente gehiago ematen, haurren liseri-aparatua ez dago solidoen nutriente guztiak asimilatzeko prest eta esnea hartzen jarraitzen ez bada sistema immunitarioa ez da guztiz garatuko.

Haur bat solidoak hartzeko prest dagoela jakiteko modurik egokiena seinaleak bilatzean datza. Laguntzarik gutxirekin edo gabe esertzen bada, gauzak hartzeko besoa luzatzen badu eta hauek ahora eramaten baditu eta murtxikatzeko mugimenduak egiten baditu seguruenik solidoak hartzeko prest dagoela esan nahi du. Hala ere, seinalerik fidagarriena, haurrak berak janaria ahora eramatea da eta hau horretarako aukera ematen zaionean bakarrik izango da posible.

Adin honetako umeek solidoak jan ditzaketela aipatzean, hortzik ez dutenez ezingo dutela jan pentsatu daiteke; baina, sei hilabeteko haurren gehiengoak hortz bakarren bat izaten dute, nahiz eta beste zenbaitek ez. Janariari hozka egiteko edo marraskatzeko hortzoia (entzia) erabiltzen dute, hortzik ez izateak ez du murtxikatzean eragiten (janaria gogorragoa bada hortzak izan arte itxaron beharko da).

KOILARAREKIN ELIKATZEA

Haurrek nahikoa jaten ez dutela pentsatzen dute guraso askok eta janaria umeen heziketa eta maitasunarekin loturik dago: umeei zenbat maite zaien erakutsi nahi izaten da eta elikatzea izaten da hau egiteko modu bat, gainera prestatutako janaria baztertzen badute, gu geu ere baztertuak sentitzen gara. Emozio guzti hauek, haurrek jan behar duten kopuru guztiz irrealarekin konbinatzen dira, behar dutena baino janari gehiago ematera bultzatuz. Horregatik, umeek gehiegi jaten ikasten dute eta apetituaren kontrol normalaren garapena arriskuan jartzen da edo janariarekiko fobiak sortu daitezke. Koilararekin elikatzen zaienean, errazagoa izaten da haurrak behar baino gehiago jatea edo nahi ez dutena jatea; bakarrik jaten dutenek, ordea, modu natural batean kudeatzen dute behar duten janari kopurua eta beteta daudenean jateari uzten diote, behar dutena bakarrik kontsumituz.

Jateko abiadura ere garrantzitsua da; umeak bakarrik jaten badu bere erritmoan egingo du eta janari pusketa bakoitza jateko behar duen denbora hartuko du. Honela abiadura kontrolatu ahal izango du, janariaz disfrutatu eta beteta dagoela konturatzea erraztuko da. Koilarak, ordea, gehiago jatera bultzatzeaz gain, asetasun sentsazioan eta azkarregi jatean eragingo du; portaera hau obesitatearekin lotzen da.

GORAGALEA ETA JANARIA KONTRAKO EZTARRIRA SARTZEA

Guraso (eta aitona-amona) askoren kezka honakoa izaten da: haurrak bakarrik jaten duenean janaria kontrako eztarrira joatea. Umeak ahoan duen guztia kontrolatzen badu eta bizkarra zuzen duela eserita badago, bakarrik jateagatik ez da janaria kontrako eztarritik joatearen probabilitatea handitzen, koilararekin jaten dutenekin konparatuta. Probabilitate hori jaitsi egiten dela esan daiteke. Askotan kezka hau, haurrek izaten duten goragaletan (arkada) dago, janaria kontrako eztarrira joatearekin nahasten dena. Mekanismo hauek erlazionaturik daude, baina ezberdinak dira.

BLW 3

Helduak garenean, goragalea mihiaren atzeko partean agertzen da; eragin ahal izateko behatzak ia eztarriraino sartu behar ditugu. Sei hilabeteko umeen kasuan, berriz, mihiaren aurrealderago ematen denez, lehenago emango da goragalea, baina, janaria aldi berean, arnas hodietatik urrunago dago. Goragalearen erreflexua haurrek modu seguru batean jaten ikasteko garrantzizko elementu bat da. Erreflexua pare bat aldiz aktibatzen bada janari zati handiegia hartu duelako, gehiegi sartu duelako edo atzeragi eraman duelako, berehala ikasten du ez duela horrelakorik egin behar.

Ondorioz, hasieratik janariarekin esperimentatu ez duten umeek, janaria arnas hodietatik urrun mantentzen ikasteko aukera galtzen dute. Gainera koilararekin jaten dutenean, edukia xurgatzen dute, goragaleak eta janaria kontrako eztarrira sartzea errazago ematen delarik.

Orokorrean bi faktorek handitzen dute janaria kontrako eztarrira joatea: beste norbait izatea janaria edo edaria ahoan sartzen duena eta etzanda egotea.

HAUR GUZTIEK JARRAITU DEZAKETE?

Baby led weaning metodoa gaitasunen garapen normal batean oinarritzen da, horregatik agian ez da egokia haur guztientzat. Koilararekin edo solido eta koilararen konbinaketarekin elikatzea egokiagoa da garapenean atzerapena aurkezten duten haurretan, esate baterako, gihar ahultasuna edo ahoan, eskuetan, besoan eta bizkarrean forma-anormaltasun bat agertzen denean (Down sindromea, garun-paralisia, bizkarrezur bifidoa). Hala ere, ume hauek behatzekin jan dezaketenaren ideia ez da guztiz baztertu behar; gaitasunak garatzen lagundu dezakeen metodo bat izan daiteke janaria eskaintzeko modu hau. Liseriketan arazoak dituztenek elikagai bereziak behar izaten dituzte eta hauek ezin izango ditu haurrak bakarrik jan, baina, beste elikagaiak berak bakarrik jateko modua izango dutenez metodoa jarraitu dezake.

Orokorrean, seigarren hilabetetik aurrera eta janariarekiko interesa adierazten dutenean, eskuekin elikagaiak ukitzera eta bakarrik jatera animatu beharko genituzke. Baina umea goiztiarra bada edo osasun arazoak baditu pediatrarekin, dietista edota logopedarekin kontsultatu beharko litzateke.

BAINA METODO HAU ERABILITA, UMEA ONDO ELIKATUTA EGONGO DA? 

Haurra ondo elikatuta egotea zure eta umearen esku dago. Erabiliko den metodoa erabakitzen denean, edozein izanda ere, bakoitzaren erantzukizuna da elikagai nutritiboak eskaintzea eta dieta orekatu bat osatzea. Metodo honekin haurrak erabakitzen du zer jan eta zer ez, eskaintzen zaionaren artetik.

Metodoarekin hasteko aholkuak:

  • Haurrak goserik EZ duenean eskaini solidoak. Esneak bere elikagai nagusia izaten jarraituko du.

  • Jolasera eta esperimentatzera bideratu.

  • Ahal den guztietan familiarekin mahaian eseriko da umea.

  • Trona edo magalean zuzen eta seguru dagoela ziurtatu.

 

PROZESU NATURAL ETA LOGIKOA DA

Prozesu guztia umeak gidatu beharko du, solidoak jaten ikastea garapeneko etapa natural bat delako. Oinez noiz hasten diren ez dugu kontrolatzen, beraz, zergatik kontrolatu behar dugu noiz igaro behar duten janari solidora? Gurasoek ez diote umeari ibiltzea galaraziko ikasten hasten direnean, kaltegarria izango litzateke. Hala ere, guraso askok konturatu gabe umeen elikaduran kontrol negatibo bat eragiten dute, elikagaiaren inguruan erabakirik hartzen ez dutelako eta beraiek bakarrik jatea eragozten dutelako. Guraso bezala umearen elikaduran izan behar diren kontrol bakarrak, eskaintzen zaion elikagaian eta noiz ematen zaion izan behar dira. Beti ere elikagai nutritiboak eskaintzen bazaizkio, haurrak erabakiko du zenbat eta zein abiaduratan jan.

blw 1

Seigarren hilabetetik aurrera otordu bakoitzean umeak ere mahaian egon behar du, goserik ez duenean eta nekaturik edo umore txarrean ez dagoenean. Garrantzitsua da goserik ez duenean esertzea mahaian, izan ere, lehenengo asteetan janariak ez du zerikusirik gosearekin, jolasarekin baizik. Sistemak hobeto funtzionatzen du haurrak esnea eskatzen duen bakoitzean hartzen jarraitzen badu, horrela behar duen elikagaia jasoko du, janariarekin jolasean ongi pasatzen duen bitartean, beste ekintza bat bezala. Kontuan hartu behar da umeak oraindik ez dakiela janari solidoak asetu egingo duenik eta hau horrela dela konturatzen diren arte, otorduetan eskaintzen zaien janaria ongi pasatzeko eta gaitasunak garatzeko izango da. Janariak gosea kentzen duela jabetzen hasten denean esne hartualdiak gutxituko ditu.

JANARIA ESKAINTZEA

Orokorrrean haurtxoei jaten “ematen” diogula esaten da, baina, baby led weaning metodoarekin janaria “eskaini” egiten zaio: elikagai zati egokiak eskura jartzen dira norberaren platerean (guraso, aitona-amona…), mahaian edo tronan. Umeak zatiak jolasteko erabaliko ditu, lurrera bota, zanpatu, usaindu, ahora eraman… bera izango baita jango duen ala ez erabakiko duena.

Hasteko hiru edo lau elikagai ezberdin eskaintzen zaizkio, esate baterako, azenario zati bat, brokoli pixka bat, haragia (edo familiakoak jaten ari direna, beti ere egokia bada). Elikagai mota bakarra eskaintzen bazaio aspertu egin daiteke, horregatik zati ezberdin batzuk erabiltzen dira, nahiz eta haurrak azkenean ezer ez jan.

Ez da komeni lehenengo momentutik janari barietate handia eta kantitate gehiegi eskaintzea, haurra harrituta geratu daitekeelako; janari guztia baztertu dezake edo zati bakarrean kontzentratu eta bestea guztia lurrera bota.

Uste duguna baino janari gutxiago ematen bazaio, seguruenik ia guztia jango du eta gehiago behar izango balu, umeak berak jakinaraziko du. Horregatik, zenbat eta gehiago fidatu beraiengan eta bakoitzak duen erritmoa jarraitzen uzten bada, azkarrago ikasiko du eta seguruago sentituko dira.

Aipatutako adineko haurtxoek esku osoarekin hartzen dituzte objektuak, horregatik eskua isten dutenean janari zati batek irten egin behar du.

Umeak elikagai zehatz bat baztertzen badu, momentu konkretu horretan elikagai hori behar ez duelako (edo nahi ez duelako) da. Ez dauka zerikusirik sukaldatzearen kalitatearekin eta ez du esan nahi hurrengo batean berriro eskainiz gero baztertu egingo duenik. Gainerako familiakoek jaten duena eskaintzen bazaio, ez dugu haurrarentzat zerbait ezberdina prestatzen jardun behar, ez gara konturatuko zehazki zenbat jan duen eta estres gutxiago jasango dugu.

ERRITMOAREN GARRANTZIA

Beraien erritmora ikasi behar izaten dute, beraz, nahikoa denbora emango diegu. Lagundu edo bideratu egiten baditugu arreta galdu dezakete. Janaria zer den eta nola jaten den ikasten jartzen dute arreta guztia, beraiek bakarrik ikasi nahi izaten dute eta laguntzarik behar badute eskatu egingo dute.

Umeak iniziatiba hartzen uztea eta gurasoek ikusle funtzioa hartzea izaten da metodo honetan zailena. Askotan mahaitik janaria jasotzeko edo elikagaiak gurasoek bukatzeko gogoari eutsi behar zaio, umeak uste baino denbora gehiago behar izaten duelako.

BABY LED WEANING METODOAREN ONURAK

 

  • Dibertigarria da: jaterako orduan rol aktiboa izateak eta zer, zenbat eta zein abiaduratan jaten denaren kontrolaren zati bat izateak, esperientzia atsegingarriagoa egiten du.

  • Naturala da: edozein animaliren kumeak bezala, haurrak esperimentatzeko eta esploratzeko programaturik daude eta horrela ikasten dute.

  • Elikagaiei buruz ikasten dute: bakarrik jaten duten umeek elikagai bakoitzaren itxura, usaina, zaporea eta ehundura zein den eta zaporeen konbinazioa nolakoa den ikasten dute.

  • Segurtasunarekin jaten ikasten dute: murtxikatu dezaketena eta ezin dutena bereizten laguntzen die, horrela etorkizun batean zati handiegiak ahoratu ez ditzaten.

  • Inguratzen dutenak ikasten dute: umeak jolastearekin ikasi egiten dute etengabe. Merkatuan dagoen jostailu hoberenarekin ikasi dezaketen berdina ikasi dezakete janariarekin. Bost zentzuak aktibatzen direnez, inguruan dutena hobeto ulertzen dute.

  • Potentzial guztia azaltzen da: otordu bakoitzean bakarrik jaten duten haurrek garapenerako garrantzitsuak diren jokabideak praktikatzen dituzte.

  • Norberarenganako segurtasuna: zenbait gauza bakarrik egiten dituztenean ikasteaz gain, dituzten ezagutzetan eta trebetasunetan konfidantza handitzen dute.

  • Janariarengan konfidantza du: bakarrik jaten ikasten dutenean bakoitzaren senaz baliatzen dira zenbat jan behar duten erabakitzeko, mesfidantza gutxiago izaten dute janariarekiko.

  • Familiako otorduetan parte hartzen dute: honek efektu positiboa izaten du familiartekoen erlazioan, trebetasun sozialetan, hizkuntzaren garapenean eta elikadura osasuntsuan.

  • Apetitua kontrolatzen dute: zaharragoak direnean apetituaren arabera jaten jarraituko dutenez, gehiegi jateko probabilitatea gutxitu egiten da. Elikadura arazoak bi puntu hauetan dute jatorria: apetitua kontrolatzeko eta antzemateko gaitasunean. Metodo hau erabiliz bi puntu hauen garapen osasuntsua egiten da.

  • Elikadura hobetzen da: frogen arabera, metodo hau jarraitu duten haurrek osasuntsuak ez diren elikagaiak aukeratzeko probabilitate gutxiago izaten dute eta gerora hobeto elikaturik egoten dira.

  • Jarrera positiboa janariarekiko: Janariarekin lehenego esperientziak positiboak izaten badira, probabilitate gutxiagorekin izango dituzte elikagaiekin erlazionaturiko fobiak eta errefusak.

  • Otordu sinpleagoak: familiakoen elikadura osasuntsua den bitartean, errazagoa izango da haurrak berdina jatea. Ez dira elikagaiak birrindu eta umeari ahora eman behar.

  • Mania gutxiago: jatea esperientzia atsegina izaten denez, maniak edo errefusak izateko probabilitatea gutxitu egiten da.

  • Ez da estrategia edo jokurik erabiltzen: umeak berak erabakitzen duenez zenbat eta zer jan, ez da beharrezkoa limurketa, estrategia edo jokurik erabiltzea gehiago jateko.

  • Merkeagoa da: familiakoek jaten dutena eskaintzen bazaio, ez da beharrekoak umearentzat janari ezberdina erostea, eta beraz, merkeagoa da.

Bideo hauetan ikus ditzakegu hainbat ume metodo honen bitartez elikatzen:

BLW 6 hilabeterekin

BLW progresioa: 4´5 – 9 hilabetera

BLW: goragale erreflexua

 

 

Metodo honek duen desabantaila bakarra umeak jaterakoan sortu dezakeen narraskeria izaten da, horregatik haurra nola jantzi eta ingurua nola babestu pentsatu behar da, lurretik janaria errazago jaso ahal izateko. Gogoratu ikasten ari dela eta bere asmoa ez dela gurasoei bizitza zailtzea.

blw 4

Zoritxarrez, haurrak elikatzeko modua koilararen bidezkoa izan behar dela ezarrita dagoenez, inorrek ez du proposatu haurtxoak janaria emateko modua errefusatzen dutela eta ez janaria bera.

Sei hilabeteko edo gehiagoko umeei bakarrik jaten uzten bazaie, janari berria probatzeko prest agertzen dira, gauzak beraien kabuz egiteko gai dira eta hori gustuko dute. Horregatik, denboraldi hau ezin hobea da umeak ehundura eta zapore berrietara egokitzeko, baina, horretarako janaria ahora eramateko aukera eman behar zaie.

Informazio gehiago topatu dezakezue ondorengo liburuan:

Rapley, G., Murkett, T., Asensio, M. El niño ya come solo (2012). Ediciones Medici.

GAINERA, METODO HONEN INFORMAZIO GEHIAGO BEHAR BADUZU, LAGUN ETA PROFESIO-KIDE DUGUN MAITANE ARRONDOK HITZALDI DESBERDINAK ANTOLATZEN DITU ZARAUTZEN, MEITAIMAITIE HEZIKETA-DENDAREN BIDEZ. HURRENGOA, ADIBIDEZ, IRAILAREN 12rako PRESTATU DUTE, INFORMATU ZAITEZ!!

You may also like...

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>