Edoskitzaroa eta oztopoak

Munduko osasun erakundearen (OMS) arabera, haurra jaiotzen denetik sei hilabete dituen arte, edoskitzeak izan behar du bere elikagai bakarra eta ondoren, beste elikagai batzuekin batera, bi urte izan arte mantendu. Amak eta haurrak horrela nahi izanez gero, jarraitu egin daiteke.

Espainian, haurra jaio ondoren bularra ematen dieten emakumeen %75ak edoskitzea uzten du gomendatutako sei hilabeteak baino lehenago, eta %18ak bakarrik mantentzen du elikadura esklusiboa seigarren hilabeterarte.

Amen %94ak nahiago dute edoskitzea seme-alabentzat, baina, herenak bularra emateari uzten diote umeak sei hilabete bete baino lehen. Honetarako arrazoi nagusiena lanera itzuli beharra izaten da. Bigarren arrazoia informazio falta da eta azkenik, esne kantitatearen gutxitzea.

Azken ondorioen arabera, bularra emateko zailtasuna 1,82 handiagoa da erditu osteko 6 eta 12. asteetan zortzi orduko lanaldiarekin hasten direnentzat. Sei aste baino lehenago hasten direnentzat, berriz, 2,25 aldiz handiagoa da.

Lanaldi laburtua izaten duten emakumeek, aldiz, ez dute zailtasunik izaten bularra ematerako orduan, gutxienez lehenengo hiru hilabeteetan.

 

Arrazoi hauetaz gain, zenbait emakumerentzat beste eragozpen bat dago: bularra jendaurrean ematearen deserosotasuna. %14ak aldera batera uzten du edoskitzea arrazoi honegatik, “edoskitzaroko ohituren inkesta nazionaleko” datuen arabera.

Lotsa edo besteen erreakzioaren beldurra izaten dira arrazoi nagusiak, ama batzuentzat deserosoa izaten baita beste pertsona batzuen begiraden aurrean bularra ematea.

Baina emakume hauetaz gain, beste talde batek jaisten ditu edoskitzaroko zifran Espainian. Emakumeen %11,3ak hasieratik bularra ez ematea erabakitzen dute arrazoi ezberdinengatik.

Arrazoi nagusiena, aurreko seme-alabari bularra ematerakoan izandako esperientzia da. %17ak aurreko edoskitzaroan izando arazoen ondorioz hartzen du erabakia, eta %19ak, berriz, edoskitzaroren hasieran “esnea igo ez zaielako” edo “bularrarekin arazoak” izan dituztela arrazoitzen dute.

Bularra emateko beste eragozpenen artean honakoak aipatzen dira: haurra eta amaren banatzea, bata edo bestearen ospitalizazioagatik eta edoskitzearekin baterazina den sendagaiak hartzen direlako.

Hala ere, ama izan berri diren %18ak ez du bularra ematen, beharrezkoa dela ikusten ez dutelako edo esne artifiziala nahiago dutelako. Arrazoi hauen atzean informazio falta eta elikadura industriaren marketina dagoela pentsa daiteke.

 

Izan ere, edoskitzea nahiz eta ekintza natural eta berezkoa izan, mito eta gomendio faltsuz inguraturik dago. Ez dute laguntzen eta haurraren elikadura naturala oztopatzen duten zalantzak eragiten dituzte.

 

Honako mitoak dira zabalduenak:

1- Bular txikiak dituzten emakumeek esne gutxi produzitzen dute.

Bular txiki edo handiak izateak ez du esne produkzioan eragiten edoskitzaroan. Hau da, bular handiagoak dituzten emakumeen seme-alabak hobeto elikaturik daudenaren sinesmena ez da egia.

Bular handiagoak, gantz kantitate handiagoa dagoela adierazten du, baina honek ez du esnea sortzearen ardura duten ugatzen (glándula mamaria) tamaina eragiten.

 

Esne kopurua ez du bularraren bolumenak mugatzen; haurraren xurgatzearen eraginkortasunak eta bularra ematerako orduan teknika egokia hartzeak eragiten du.

 

2- Zenbait emakumek esne gutxi izaten dute.

Emakume batzuen ustetan esne gutxi izaten dute edo edoskitzearekin bakarrik haurra ez dago ongi elikaturik, eta horregatik ama batzuk edoskitzaroa amaitzea erabakitzen dute; baina orokorrean pentsaera hau faltsua izaten da, izan ere, hipogalaktia (amagandiko esne produkzio falta) ez da sarritan ematen den gaixotasuna.

Ama batzuetan esnea sortzeko arazoak egon daitezke, baina, kasu hauek bularra emateko teknika okerra erabiltzen delako ematen da: eskaeraren araberako edoskitzea ez mantentzeagatik, tartean biberoia emateagatik edo xurgatzerakoan jarrera edo postura okerra izateagatik.

Lehenaldiz ama izatearen segurtasun ezak, estresak eta neke psikologikoak ere sentsazio faltsu hori eragin dezake. Kasu hauetan gomendagarria da laguntza eskatzea edoskitzaroko taldeetan.

 

3- Ama batzuen esnea kalitate gutxikoa da.

“Ur asko du nire esneak” edo “nire esnea ez da guztiz ona” izaten dira ama askok edoskitzaroa uzteko arrazoiak, produzitzen duten esnea kalitate gutxikoa dela uste baitute. Bularreko esneak, behi esnearekin alderatuta duen itxura urtsuagatik pentsa daiteke ez dela kalitate onekoa; baina, emakumeen esnearen arteko ezberdintasunak oso txikiak dira eta esnearen kalitatea, orokorrean, beti ona izaten da.

Amak elikadura urri edo eskas bat badu eta esnearen kalitateari eragiten badio, haurrak berak konpentsatzen du aldea eta hartualdi bakoitzean kantitate handiagoa xurgatzen du. Julio Basultoren elkarrizketa honetan irakur dezakezue nola amaren elikadurak eragin gutxi duen esnearen kalitatean.

 

4- Bularra edoskitzarorako prestatu egin behar da.

Hau ez da beharrezkoa eta gainera arriskutsua izan daiteke, izan ere, haurdunaldian bularrak masajeatzen badira, oxitozina hormona askatu daiteke eta erditzea eragin. Gainera, titimuturretan ematen diren krema edo pomadak ez dituzte zaurien agerpena saihesten. Zauri hauek bularra ematerakoan postura okerrengatik agertzen dira.

Beste amek bularra nola ematen duten ikustea eta informazio egokia jasotzea izaten da edoskitzarorako prestaketa egokiena.

mam_es_la_leche

 

 

Lehen aipatu bezala, bularreko esnea ez emateko arrazoien artean gehien aipatzen dena esne falta izaten da, hau da, hipogalaktia. Baina gaixotasun hau 1000 emakumetatik 1etan agertzen da, beraz, ez da sarritan ematen. Hipogalaktiaren jatorria honako osasun arazoetan dago:

  • Kontrolatu gabeko hipotiroidismoa
  • Kisteak izatea obarioetan
  • Sheehan sindromea
  • Plazenta atxikiturik izatea
  • Bularren tamaina txikitzeko ebakuntza egin berri izana

 

Aurreko osasun arazorik izan ez arren, ama askok edoskitzaroko momenturen batean sortzen duten esnea haurra elikatzeko nahikoa ez dela sentitzen edo pentsatzen dute, hau da, hipogalaktia pertzeptzio faltsua.

Pertzeptzio honek ez du zerikusirik benetako hipogalaktiarekin eta edoskitzaroko aldi batzuetan gertatu daiteke. Aldi hauetan esnearen produkzioa gutxitu daiteke, batez ere, bularra emateko teknika okerrak erabiltzeagatik; esate baterako, haurrari beharrezkoak ez diren gehigarriak ematea, ordutegi zorrotz batzuk mantendu nahi izatea, xurgatzea egokia ez izatea eragiten duten posturak, edoskitzea beranduegi hastea…

Kasu hauetan, haurra goseak geratzearen beldurrak edo pisu nahikoa ez hartzeak zalantzak eragiten ditu amarengan eta esne artifiziala ematera bultzatu.

Gainera, edoskitzaroa sustatzen duen programa nazional baten faltak ez du egoera hobetzen eta azkenaldian eman diren osasun aurrekontuen murrizketak, langileak hezitzeko aukera gutxitu du.

 

Hainbat ikerketetan ikusi izan da, amatasun-baimen luzeagoak eta laguntza neurri gehiago dituzten herrialdeetan, edoskitzaroko tasak altuagoak direla. Adibide egokia Norvegia da, non amatasun-baimena 36 astetara iristen den eta ospitaleen %80ak edoskitzaroa bultzatzen duten. Baldintza hauetan emakumeen %99a edoskitzaroarekin hasten da eta %70ak bularra ematen jarraitzen du hiru hilabetera arte.

 

Garrantzitsua da emakume guztiei edoskitzaroarekin hastera eta ongi informatzera animatzea. Horretarako egokiena haurdunaldian zehar liburuak irakurri (esate baterako, Carlos Gonzalez pediatraren “Un regalo para toda la vida”) eta haurra izan ondoren laguntza taldeetara jotzea da.

 

 

 

You may also like...

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>