EDOSKITZEAREN GARRANTZIA ETA EGOKIA IZATEKO AHOLKUAK

Haurrentzat naturak eskaintzen digun lehen elikagaia amaren esnea da; behar dituzten nutriente eta energia guztia ematen die bizitzako lehen hilabeteetan, gutxienez behar nutrizionalen erdia ematen jarraitzen du seigarren hilabetetik aurrera eta beharren laurdena bizitzako bigarren urtean zehar.

lact_mater_thumb

Amaren esneak garapen kognitibo eta sentsoriala eragiten du, gainera umea gaixotasun kroniko eta infekzioetatik babesten du. Edoskitze natural esklusiboak, haurtzaroko gaixotasunen hilkortasuna murrizten du, beherako edo pneumonia esate baterako, eta gaixotasun kasuetan lehenago sendatzea eragiten du. Gainera, haurrarengan dituen onurez gain, edoskitze naturalak amaren osasun eta ongizatean ere laguntzen du; obulutegi eta bularreko minbizia izateko arriskua gutxitzen du, haurdunaldiaren ondoren amaren errekuperazioa hobetzen eta azkartzen du, familia eta herrialdeko baliabideak areagotzen ditu eta, halaber, elikatzeko modu segurua da eta ingurugiroari kalterik eragiten ez diona.

 

Umearentzako elikagairik onena da, berak behar-beharrezkoak dituen osagai guztiak (proteinak, gantzak, karbohidratoak, bitaminak, mineralak eta ura) kopuru, proportzio eta kalitate egokietan edukitzeaz gainera, amaren esneak haurra infekzioetatik babesteko antigorputzak dauzkalako. Erditze ondorengo hirugarren edo laugarren egunean agertzen zaio amari esnea. Agerraldi horren aurretik, amaren titiburuei ukitu krematsuko likido horixka darie: oritza da hori, proteina, mineral eta bitamina ugari dauzkan gaia, umeari antigorputzak emango dizkiona. Ondoren, astebetez edo, “trantsizioko esnea” ekoizten du ama erditu berriak: oritza baino hits eta urtsuagoa, hark baino gantz, laktosa, bitamina hidrosolugarri eta kaloria gehiago dituena. Azkenik, jaiotzatik hiru eta sei aste bitartean “esne helduaren” jariatzea normalizatuko da.

 

Ama guztiek lehengo sei hilabeteetan edoskitze natural esklusiboa burutu dezaten, OMS eta UNICEF-ek honakoa gomendatzen dute:

  • Edoskitzea haurraren bizitzako lehen orduan hastea.
  • Edoskitze esklusiboa egitea, hau da, bularreko haurrari amaren esnea bakarrik ematea, beste elikagai edo edaririk gabe, ezta ura ere.
  • Haurrak bularra eskatzen duen bakoitzean ematea eta ez erabili esne-hartualdien teknika (ez itxaron 3 ordu pasa arte)
  • Biberoi, txupete eta tetinarik ez erabiltzea.

 

Lehen esan bezala, haur jaio berrientzako eta bularreko umeentzako elikagairik egokiena da, garapen osasuntsu baterako behar dituen nutriente guztiak ematen baititu. Ez du kalterik eragiten eta umea zenbait gaixotasunetik babesten dituen antigorputzak ditu. Erraz eskuratu daitekeen produktua da, haurtxoak elikagai nahikoa izango duela bermatzen laguntzen duelarik.

Lactancia-materna-ventaja

Azken urteetan egin diren ikerketa ezberdinetan esne honek aurrez aipatutako onuraz gain, beste zenbait abantaila dituela ikusi da. Alde batetik, jaio berriak erditze naturala izaten badu eta bularreko esnea hartzen badu, garatuko duen heste-flora eta bertako immunitatea hobeagoa izango da. Amarekin kontaktuan egotean, ongi ezagutzen dituen amaren mikroorganismoekin jartzen da kontaktuan haurra, heste-flora egokiagoa emango diona. Haurra zenbat eta mikroorganismo patogeno gutxiagorekin jarri kontaktuan, heste-flora hobeagoa eta etorkizunean arazoak izateko aukera gutxiagoa izango duela baieztatu da.

 

EDOSKITZEA ETA TXANTXARRA 

 

Bestalde, Brian Palmer medikuak idatziriko “Lactancia Materna y Caries Infantil: sin conexión” (The Academy of Breastfeeding Medicine, 2000) artikuluak jakinarazi zuen, edoskitzaroak hortzetan txantxarra izateko arriskua gutxitu eta efektu babesgarria duela. Amaren esnean dagoen immunoglobulinak txantxarra sortzen duen bakterioaren garapena atzeratzen du. Bakteria hauek ezin dira esne honetan dagoen laktosarekin elikatu, baina bai esne artifizialetan dagoen sakarosarekin. Bularreko esnean dagoen laktosak ez du txantxarra eragiten, hala ere, honek ez du esan nahi haur hauek ez dutenik txantxarra garatuko bere bizitzan zehar.

dentista-gratis-ninos

 

EDOSKITZEA ETA OBESITATEA

Gainera, edoskitzea haurrak eskatzen duenaren arabera egiten bada, ez da obesitatea izateko probabilitatea handituko, baizik eta horrek obesitatetik babestuko du. Ume bat aspertuta, urduri, beldurtuta dagoenean edo afektua nahi duenean (maitasun beharra), sarritan familiakoek azukrean aberatsak diren eta haurrak bakarrik hartu ditzaken elikagaiak eskaintzen dizkiete: ogi zatia, zukuz beteriko biberoia, gozokiak… Afektua ordezkatzen duen janaria da hau. Azukre kantitatea odolean igo egiten denean, plazerra eman, mina arindu eta erlaxatu egiten duen endorfina izeneko hormonaren ekoizpena handitzen da. Horrela, afektu falta batetik poztasun egoera batera igaro da, afektua jaso gabe. Heldua denean eta afektu falta duenean, erakutsitakoa errepikatuko du, hau da, hutsune hori betetzeko jan egingo du eta honek obesitatearen garapenean lagundu dezake.

 

Bularra hartzen duten haurrak, berriz, gosea dutenean eta aurrez aipatutako afektu falta dutenean eskatuko dute amaren esnea. Hau da, gabezia hori afektuarekin konpontzen da eta jasotako elikagaiak endorfina kopurua handitzeaz gainera, erlazio hori indartzen du. Ama-esnea ematean, elikatzeaz gain, maitasuna ematen da eta horrela etorkizunean haurrak afektua behar duenean, maitasun hori bilatuko du eta ez du janariarengatik ordezkatuko.

 

Onura hauetaz gainera, Erresuma Batuko unibertsitateetan egin den ikerketa baten arabera, gutxienez lau hilabeteetan bularra eman zaien umeek, esne artifiziala hartu dutenekin alderatuta, portaerarekin erlazionaturiko arazo gutxiago izaten dituzte. Ondorengo bideoan ikus dezakezue aipatutako albistea.

 

AMARENTZAT ERE ONURAGARRIA

Lehen aipatu bezala, edoskitzaroa amentzat ere mesedegarria da. Haurdun ez geratzeko metodo natural (ez guztiz segurua) bezala funtzionatzen du (%98ko babesa lehenego sei hilabeteetan), horrela haurdunaldien arteko tartea handitzen da amaren osasuna hobetuz eta lan karga arinduz, haurraren biziraupena errazten delarik. Obulutegiko eta bularreko minbizia jasateko arriskua gutxitzen du, emakumeek haurdunaldia baino lehenago zuten pisura azkarrago bueltatzen laguntzen du eta obesitatearen tasak murrizten ditu. Epe luzera osteoporosiak eragindako hezur-hausturak txikiagotzen ditu, gainera hilerokoaren berragertaraztea atzeratzen duenez burdina aurrezten da anemia saihestuz.

 

Edoskitzaroaren eta estresaren arteko erlazioa ere ikertu izan da. Bularra emateak amaren estres erantzuna inaktibatzen du, une honek amari haurra lasaitzeko eta estresa kontrolpean izateko ahalmen ematen dio. Bestalde, amaren esneak ezinbestekoak diren gantz azidoak ditu, hauek zenbait neurotransmisoreren ekoizpenean parte hartzen dute; eta honek guztiak amaren ongizatean laguntzen du, gantz azido esentzialen kopuru baxuak depresioa izateko arriskuarekin erlazionatzen baitira.

images

Umearen lehen esperientzia estimulagarriak eta arretak garuneko oxitozina sistema martxan jartzen dute eta, hau, haurrak beste pertsonengan izango duen adiskidetasunaren eta sentikortasunaren erantzulea izango da.

 

Bularra ematen duten ama askok, zoritxarrez, ez dute informaziorik jasotzen medikuengandik edo azken hauen aholkuen kontra burutzen dute edoskitzaroa. Ospitaletako ohitura zaharkituak, erditu ondoren haurrarengandik banatzea, beharrezkoak ez diren gehigarriak hartzea, ume guztien pisua batez bestetik gora egotea eta langile askoren heziketa faltak, edoskitzaroaren zailtasunak konpontzea eragozten dute.

 

Edoskitzaroaren berreskuratzean ez dira gurasoak bakarrik konbentzitzeaz gain, ospitaletako praktika aldatu, langileen heziketa hobetu, informazio praktikoa eskaini, industrien iragarki iruzurtiak galarazi, amatasun-baimena luzatu eta etxetik kanpora lan egiten duten emakumeen eskubideak hobetzea ezinbestekoa jotzen dugu.

 

Jarraian, zenbait web-gune, liburu, kanpaina eta bideo interesgarriren loturak adierazten digutu, zuen intereserako:

 

Web-orri interesgarriak:

Edoskitzeari buruzko zortzi gezurrik handienak

Edoskitzea porrota edo arrakasta izateko hamahiru aholku

 

 

Laburpena bideoan:

Asociación Española de Pediatría 

 

Haurdunaldi, erditze, loa, edoskitzaroa, osasuna, familia, komunikazioa, haurraren garapena, jolas eta hezkuntzaren inguruko liburu gomendatu desberdinak gida honetan.

Hainbat kanpaina ezberdin egin dira edoskitzearen alde:

Nada como mamá, nada como mamar

Aitak ere edoskitzearen alde

“Zuk ez baduzu komunean jaten, zure haurrak ere ez du zertan”

 

Bideo Interesgarriak:

Jose Maria Paricio pediatrak edoskitzeari buruz dioena

Edoskitzaroa eta immunologia

Edoskitzaroa: atxikimenduarekin heztea

Edoskitzaroa: sozializazioa eta atxikimendua

Alazne Agirrezabalaga Beristain

Giza-Elikadura eta Dietetikan diplomatua, Jarduera Fisiko eta Kirolen zientzietan lizentziatua. Gaur egun, “Alazne dietista-nutrizionista entrenatzaile pertsonala” zentruko sortzailea.

You may also like...

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>