ELIKADURA OHITURA ALDAKETAK… NONDIK HASI?

Denok dakigu iada egun, aste, hilabete, urtaro edo urte batean dieta zehatz bat egitea alferrikakoa dela, gero, behin berau amaituta, aurretik genituen ohitura eta jateko moduetara itzultzen bagara. Asko entzuten da garrantzitsuena elikadura ohitura aldatzea dela eta ez beti dieta eginez bizitzea. Egoera perfektua dirudi, baina nondik hasi?

Jarraian dituzue, nire ustez, ideiak batzuk, aldaketa txikiekin lortzen baitira helburu handiak ere!

1. Ahaztu “dieta” hitza: “Dieta nago”, “Kilo batzuk galtzeko dieta egingo dut Gabonen aurretik” eta gisakoek ez dute aldatzen batere gure jarrera. Ezin dugu bi pertsona desberdin izan “dieta dagoena” eta “dietan ez dagoena”. Nolakoa da bada, dietan ez dagoen NIa? Zaintzen ez dena? Bere osasunaren arduradun ez dena? Eta honekin bigarren puntura noa…

2. Norbera da bere jokabidearen arduradun: askotan komentatzen didate, “asteburuan bazkaria daukat eta ezingo naiz zaindu”, “ezinezkoa zait ohera sartu aurretik jaten dudan txokolate zatia uztea”, “nire gainpisua aldatu ezina da”… Baina, egia al da hori? Bazkari batera joaten garenean, zenbait kasutan menuan dagoenetik zer aukeratu gure esku dago (ez da berdina barazki-menestra bat edo rissotto bat eskatzea lehen plater gisa), edota zenbat jaten dudan ere aukeratu dezaket; ala ahora sartzen didate jan beharrekoa? Zergatik daukagu etxean osasuntsu ez den elikagai hori (txokolatea, gaileta eta opilak, patata frejituak…), ez jatea kosta egiten bazait? Gu geu gara gure jarreraren jabe, ez beste inor. Nahiz eta inguru obesogeniko batean bizi, dena ez dago inguruaren esku: guk aukeratzen dugu zer jan, zer erosi, nolako aisialdia nahi dugun…

3. Aldaketa txikiekin lortzen dira helburu handiak. Beharbada, azken puntua irakurri ondoren, elikadura eta jarrera ohiturak aldatzea uste baino zailagoa egingo zaizula pentsatu duzu, baina nire gomendioa etxetik hastea izaten da. Lehenik eta behin, etxean sartzen ez dena ez da jaten. Inoiz ez al duzu izan sentsazioa armairuan jasota duzun gutixi horrek deitzen zaitula? “Jan nazazu, jan nazazu” esanaz? Gainera, goserik gabe jaten diren elikagaiak izaten dira, eta behin jaten hasi, amaitu arte jateari uztea zaila egiten diren horietakoak! Beraz, gomendioa garbia da: ez erosi. Etxetik kanpo bestela ere baditugu nahikoa tentazio, hobe etxean horrelakorik ez izatea.

4. Pentsatu nolakoa den zure eguneroko elikadura eta zein aldaketa egin behar dituzun elikadura osasuntsu batera iristeko. Hasteko, pentsatu egunean zenbat fruta jaten duzun. Jakin badakizu, eta bestela nik gomendatzen dizut, egunean 3 fruta jan behar direla gutxienez, edozein fruta, gustoko duzuna, edozein momentutan. Gutxiago jaten al dituzu? Zein momentutan jan dezakegu beste fruta piezaren bat? Eta bestetik, egunean gutxienez bi barazki anoa jan behar dira… Zein barazki aukeratuko duzu gaur bazkaltzeko?

abendua

 

5. Ez etsi. Egun batean bazkari batean kontrola galdu izanaren sentsazioa izan baduzu ere ez pentsa dena alferrik egin duzunik! Gizakiak gara, akatsak egiten ditugu, baina gure esku dago berriz ere indarrak hartu eta norabidea zuzentzea, elikadura osasuntsurako bidean jartzea berriz ere!

Post honek jarraipena izango du, baina pixkanaka informazioa jasotzea garrantzitsua iruditu zait! Zer egiten zaizue zuei zailena? Eta zein ohitura aldatzea lortu duzue?

Alazne Agirrezabalaga Beristain

Giza-Elikadura eta Dietetikan diplomatua, Jarduera Fisiko eta Kirolen zientzietan lizentziatua. Gaur egun, “Alazne dietista-nutrizionista entrenatzaile pertsonala” zentruko sortzailea.

You may also like...

1 Response

  1. 2016/01/12

    […] proposamena ondorengoa da: ez egin dieta, ahaztu dietaz, kendu hitz hori zure hiztegitik, eta aldatu ohiturak, pixkanaka, betirako. Bai bai, […]

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>