HAZKUNTZARAKO ESNEAK

Bularreko esnearen edo esne artifizialaren ondoren, hamabi hilabeteko umeen organismoa prest dago elikagai ezberdinak, behi esnea barne, dituen dieta bat onartzeko; baina guraso askoren zalantza honakoa izaten da: behi esnea al da egokiena nire seme-alabentzat? Duda hau izatea ulergarria da, izan ere, merkatuan hazkuntzarako esneen eskaintza oso zabala da, hau da, 1-3 urte arteko haurrei zuzenduak dauden esne bereziak; haurrei seigarren hilabetetik aurrera ematen zaien jarraipenerako esnearen ezberdinak direla jakitea garrantzitsua da.

Iragarkietan, umeen garapen egokia emateko elikagai aproposak direla diote, ondorengo iragarkietan ikusi daitekeen bezala:

PULEVA Max 2012PULEVA Max 2013, NESTLÉ Energy

 

Guraso guztiek nahi izaten duten hoberena beraien seme- alabentzat eta horretarako hazkuntzarako esnea hartzea da hoberena? Hau horrela den edo ez jakiteko konparaketa bat egingo dugu.

Lehenik eta behin, produktu hauei erreferentzia egiteko erabiltzen den terminologia okerra zuzendu beharra dago. Indarrean dagoen legeriaren arabera, honako esne-prduktuei ezin zaie “esne” bezala izendatu. Kasu honetan esnekiak bezala izendatu beharko dira bitamina, mineral eta gantz-azidoak gehitzen zaizkielako eta ez esnearen elementu bereizgarriak kentzen zaielako (bereziki esnearen ohiko gantzak), horregatik legalki ezin izaten zaie “esne” deitu. Hau jakitea garrantzitsua da, esne bezala izendatua dagoenak onarpen eta harrera hobeagoa izaten baitu eta esneki hauek fabrikatzen dituzten enpresak hortaz baliatzen dira.

Behi-esnea:

Erabiltzaile eta kontsumitzaileen erakundearen (OCU) arabera, behi-esnea hartzea funtsezkoa da hazkuntzaren lehenengo aldietan. Proteinetan, gantzan, bitaminetan eta mineraletan aberatsa den elikagaia da eta kaltzioan egiten duen ekarpena azpimarratu behar da, umeen garapenerako garrantzitsua dena. Burdinean ez da oso aberatsa, baina hala ere elikagai osoa eta egokia dela esan daiteke, eta burdina eguneroko elikagaietatik hartu dezakegu hazkuntzarako esnea erosi beharrean.

Urtea bete duten haurrek behi-esnea bere dietako esne iturri moduan hartu dezakete, baina beti ere gomendagarriena bularreko esnea hartzen jarraitzea izango litzateke.

Behi esne hau osoa bada hobe, bitamina guztiak izaten dituelako. Esnekiak ere hartu ditzake, baina  azukrea, aromak edo txokolatea dituztenak saihestu behar dira.

Hazkuntzarako esneak

Esneki mota hauek 1-3 urte bitarteko haurrei egokituak daudela suposatzen da. 2013ko azaroan, Europako Elikagai Segurtasun Agentziak (EFSA), hazkuntzarako esneek umearen dietara ekarpenik ez dutela egiten eta askotariko elikadura jarraitu behar dela azaltzen duen komunikatu bat igorri zuten. Gainera, esneki hauetan, bere prezio altuaz gain, azukreak eta aromak daudela egiaztatu izan da hainbat ikerketetan eta horregatik ez dira gomendagarriak.

Hazkuntzarako esneek egiten duten ekarpena

OCUk egindako ikerketa batean, parafarmazia eta supermerkatuetan saltzen diren 15 esneki nagusienen etiketatua aztertu dute, horietatik lau formatu likidoan kontsumitzeko prest daudenak eta gainontzekoak urarekin nahasteko hauts formatukoak. Informazio hau kontuan harturik, esneki hauek egiten duten ekarpena beharrezkoa den edo esne normalarekin nahikoa den ikusi dute.

Egiten duten ekarpena:

  •   Balio energetikoa. Behi- esnearen antzekoa edo pixka bat altuagoa izaten da. Behi- esneak 60kcal/100ml-ko ematen ditu, 120kcal edalontziko eta egunean hiru edalontzi esne hartzea gomendatzen bada, 360kcal emango dizkigu guztira egunean zehar. Urte beteko ume batentzat eguneko behar energetikoaren %36a izango da esnetik hartuko duena eta hiru urte inguru dituztenentzat %25a.
  • Gehitutako azukrea. Esnean modu naturalean dagoen azukre bakarra laktosa da. Baina, ikerketa honetan aztertutako 15 esnekietatik 9k gehitutako azukreak dituzte: sakarosa, glukosaren xarabea, fruktosa edo eztia. Gainera, %53ak aromak dituzte (banillarenak).
  • Eduki proteikoa. Orokorrean behi-esnearena baino pixka bat baxuagoa izaten da.
  • Gantza. Izaten duten gantz edukia edo kopurua behi-esnearen berdina da, baina gantz mota edo profil lipidikoa ezberdina da. Hazkuntzarako esneek gantz- ase gutxiago izaten dute eta gantz- azido esentzial gehiago. Hala eta guztiz ere, gantz- azido esentzial hauek urte beteko haurraren elikaduran modu natural batean aurkitu ditzakegu: esate baterako, oliba olioan, zerealetan, arrautzean, arrainean.
  • Kaltzio edukia. Behi- esnearena baino baxuagoa izaten da, honek 120mg/100g-ko duelarik, eta hazkuntzarako esneetan 65-115mg/100g-ko dagoela ikusi izan da.
  • Bitaminak. Esneki hauetan bitamina gehiago daude, hala ere, elikadura egoki bat mantentzeko ez da beharrezkoa aparteko bitamina kopuru bat hartzea. Kontuan hartu behar da urte beteko umeek elikagai ezberdin asko kontsumitzen dituztela, beraz, bitaminak fruta, barazkien, esnearen, haragi edo arrainaren bitartez hartuko ditu.

Gainera, hazkuntzarako esneek duten prezioa altuegia da familia baten ekonomiarako. Ikerketa honetan, bataz-beste, behi-esneak 0,70€/litroko prezioa dutela kalkulatu da; hazkuntzarako esneek 2,2€/litroko balio dute eta formatu likidoa dutenak, merkeago direnak, 1,60€/litroko.

Beraz, haur batek 12 hilabete dituenetik 3 urte dituen arte behi-esnea hartzen badu, 600 euro aurreztu daiteke ume bakoitzeko eta 1400 euro produktu garestienarekin konparatuta.

 Ondorengo taulan ikus daiteke behi-esnearen eta hazkuntzarako lau esneen konposizioaren artean egin dugun konparaketa:

taula

Konparatu ditugun produktu guztiek behi-esneak baino kaloria kopuru handiagoa dute eta proteina kantitate baxuagoa.

Gantzari dagokionez, orokorrean antzekoak dira gutziak, baina, profil lipidikoa aztertzen bada behi-esneak besteak baino gantz-azido ase gehiago du eta gantz-azido asegabe gutxiago. Hala ere, gantz-azido gehiegi hartzea bada arazoa, behi-esnearen kasuan aukera ezberdinak ditugu arazo hori gutxitzeko: esne gaingabetua edo erdi-gaingabetua hartzea. Horrela proteina kopurua gutxitu gabe eta azukre gehiago gehitu gabe, gantz-azido aseen kontsumoa  baxuagoa izatea lortu dezakegu. Gainera, gure elikagai osasuntsu eta orekatuaren bidez gantz-azido asegabeen ekarpena egin daiteke.

Karbohidratoen kasuan, nabarmena da kopuru handiagoan daudela eta horietatik azukreak direnak gehiago direla. Hero crecer (sin azúcares añadido) esnekiaren kasua deigarria da, izan ere, ontzian adierazten duenez ez diote azukre gehiego gehitu eta hori irakurtzean pentsa dezakegu azukre kopuru gutxiena izango duela, baina, etiketatua begiratzean agertzen dena kontrakoa da, beste esneekin konparatuz gero, Puleva bebé 3 kenduta, azukre sinple gehiago dituelako. Horregatik ezinbestekoa izaten da produktu bat erosterakoan etiketatua ongi irakurtzea eta ez ontzian adierazten duena hartzea kontutan, hau askotan marketing hutsa izaten delako.

Taulan ikusi daiteke, hazkuntzarako esne guztiek kaltzio kantitate txikiagoa dutela eta jakin badakigu, mineral hau lortzeko iturri nagusiena esnea dela, beraz, egokiagoa izango da behi-esnea hartzea. Gainera, fosforoaren eta kaltzioaren arteko erlazioa egokia izan behar da, D bitaminarekin batera kaltzioa hezurretan ondo ezartzeko eta kasu honetan behi-esneak fosforo gehiago du.

Gainerako mineralen kasuan, aurrez esandako dieta osasuntsua, orekatua eta askotarioa jarraitzen bada, ez da mineral hauen gabeziarik egongo eta umeek lehenengo momentutik ikasiko dituzte elikadura ohitura osasuntsuak, bizitzan zehar mantenduko direnak eta elikadurarekin erlazionatutako gaixotasunak prebenitzeko balioko dutenak.

 Adituek diotena

Lehen aipatutako EFSAren komunikatuak dioenez, haurrek hartzen duten kaloria, proteina, gatz, potasio, kaltzio, fosforo eta bitamina kopurua egokia da, nahiz eta zuntz dietetikoaren kontsumoa baxua dela adierazi. Orokorrean gabezia ikusi izan da omega 3an, burdinean, D bitaminan eta iodoan, maila ezberdinetan herrialdearen arabera. “hazkuntzarako esneak kontsumitzea nutrienteak hartzeko modu bat izan daiteke, baina aukera eraginkorragoak daude horretarako, esate baterako, nutriente hoiek dietaren bidez hartzea: behi-esnetik, zerealetatik, haragia eta arraina kontsumituz…” gogorarazten du EFSAk.

OCUk dioenez, esne mota hauen edalontzi batek, behi-esnearen hiru edalontzik duten kaloria kopuru berdina dute, hau da, kaloria kopuru hirukoitza. Beste azukreen agerpenak, produktuaren balio energetikoa altua izaten laguntzen du. Gainera, ez diote laguntzen umeei elikadura ohitura egokiak ikasten.

Julio Basulto, dietista-nutrizionitak, hazkuntzarako esneak beharrezkoak ez direla esateaz gain, epe luzera umearen osasunean efektu negatiboak sortu ditzaketela dio. Egin diren azken ikerketetan ikusi izan da, aberastutako elikagai gehiegi hartzen badira zenbait nutrienten gomendioak gainditu daitezkeela eta animali jatorriko proteina gehiegi kontsumitzeak hainbat arrisku dituela: obesitatea garatzeko arrisku handiagoa, pubertaro goiztiarra nesketan, arazo kardiobaskularrak izateko probabilitate handiagoa.

Espainiako Pedriaten Elkarteak honakoa adierazten du: “hazkuntzarako esneak eduki behar dutenaz eta zein kasutan gomendatu behar direnaren araudirik ez dagoenez, medikuek bakoitzak duen iritziaren arabera gomendatzen ditu.”

Garrantzitsua iruditzen zaigu epe motzera esneki mota hauei buruzko araudi bat ezartzea eta zein kasutan gomendatu beharko liratekeen zehaztea, ez delako beharrezkoa haur guztiek esneki hauek hartzea. Gainera, produktu hauek edo edozein elikagai funtzionalek legalki ezin izaten dute kontsumitzaileei ulertarazi, bilatzen den efektu hori (kasu honetan hazkuntza) produktu horiek bakarrik erabiliz lortuko dela edo kontsumitzen ez badira ondorio negatiboak sortuko dituela.

Osasunean eragina duten produktuak bakoitzaren iritziaren arabera gomendatzeak arriskuak izan ditzake, horregatik beharrezkoa da araudiak errespetatzea eta edozein arazo edo zalantza izatean profesional egokiengana jotzea.

You may also like...

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>