MIRARIZKO DIETA ETA PRODUKTUAK

Gaur egun sustantzia, produktu, material (web orriak, online dagoena…), metodo eta, batez ere, osasunaren inguruan eta zehazki pisu galeran, efektu harrigarriak lortuko direla hitz ematen duten “dieta” askoren ugalketa eman da. Hauek telebistako programen, moda eta nutrizioari buruzko aldizkarien eta abarren bidez zabalduak izaten dira gehienetan. “Dieta” eta produktu “natural” gehienak sendabide miragarri bezala aurkezten dira, pisu galera ahalik eta azkarrena eta esfortzurik gabea izaten dela aldarrikatuz.

Kasu askotan, elikadura osasuntsu eta orekatuaren sustapenaren ordez, irabazi ekonomikoak bilatzen dira. Dieta mota hauek murrizte kaloriko gogor batera garamatzate eta honek, orokorrean, alterazio metaboliko bat, bitamina eta mineralen gabezia eta denboran zehar jasanezina eta osasunarentzat arriskutsua izaten den elikadura monotonia egoera batera eramaten du. Gainera, “dieta” hauek ez dute oinarri zientifikorik izaten, iruzurrak izaten dira eta arriskutsuak osasunerako, bizi-kalitaterako eta familia edo komunitatearen ekonomiarako.

Gehienetan nutrizioaren esparruarekin zerikusirik ez duten pertsonek idatziak dira, aportatzen duten kaloria kopuru eskasagatik ezberdintzen dira eta pisu galera hori osasun fisikoaren eta, maiz, osasun mentalaren kontura izaten da. Mirarizko “dieta” bat jarraitzean elikadura ohitura osasungarriak ez diren pautak ikasten direnez, dietaren aurretik jarraitzen zen elikadurara itzultzean, pisua irabazi eta akats nutrizional berdinak egiten dira. Gainera, bizitza osoan zehar mantenduko diren eta elikadurarekin batera, osasuna determinatuko duten elikagaien inguruko zenbait mito bereganatzen dira (karbohidratoak txarrak direla, proteina eta karbohidratoak ezin direla nahasi, jan ondoren fruta ezin dela hartu, esnekiak dietatik ezabatu behar direla…).

 efecto yoyo

Mota hauetako “dieta” bat jarraitzean, zergatik berreskuratzen da hain azkar pisua?

Nutrizio eta Elikadura Segurtasunaren Espainiar Agentziak (AESAN) adierazten duen bezala, galdutako pisuaren berreskurapena berehalakoa izatea faboratzen dute.

Alde batetik, “dieta” bertan behera uzten denean, gure organismoak murrizte aldi hori konpentsatzeko mekanismo fisiologikoak martxan jartzen ditu. Horrela, gehiago jaten denez, galdutako pisuaren berreskurapena azkarragoa izaten da.

Bestalde, “dieta” jarraitzen ari den aldi horretan, gure organismoak azkar erreakzionatzen du eta gure metabolismoa mantsotu egiten da defentsa mekanismo bezala, gutxiago gastatu eta urritasun energetiko hori arintzeko. Beraz, ohiko dietara itzultzen garenean metabolismoa mantsoagotuta dago (eta ondorioz gutxiago gastatzen da), gehiago jaten da eta galdutako pisua azkarrago eta errazago berreskuratzen da.

Azkenik, pisu galera handia izaten da denbora gutxian, batez ere, ura eta glukogenoa galtzen delako, baina ez gantza galtzen delako; eta, modu osasuntsuan argaldu nahi denean, gantz biltegia gutxitzea da helburua. Ematen den yo-yo efektua ere honen ondorioz izaten da, elikadura ohitura desegokiak ez direlako zuzentzen, areagotu egiten baitira askotan; eta “dieta” jarraitzen den gutxi gorabeherako bi aste horietan pisua eta bolumenaren galera, glukogeno, proteina, ur eta mineralen eta ez gantzaren galeragatik delako.

Espainiako Nutrizio, Elikadura eta Dietetikako Elkarteen Federazioaren (FESNAD) eta Obesitatearen Ikerkuntzako Espainiako Elkartearen (SEEDO) azken adostasuneko dokumentuak dioenez, dietetikako praktika guztiak ebidentzian oinarrituak egon behar dira eta honako hau bete beharko dute:

  • Gorputzeko gantz kopurua gutxitzea, ahal den gehienean gihar-masa mantenduz.
  • Denbora luze batean egin ahal izatea.
  • Eraginkorra izatea luzarorako, hau da, galdutako pisua mantentzea.
  • Etorkizunean pisua irabaztea prebenitzea.
  • Elikadura ohitura desegokiak, akatsak eta mitoak alboratzea, eta elikadura-hezkuntza egoki bat emateko funtzioa izatea.
  • Obesitateari loturiko arrisku faktore kardiobaskularrak gutxitzea (hipertentsio arteriala, dislipemia, diabetea).
  • Gainpisuari loturiko beste zenbait gaixotasunak hobetzea (artrosia, loaren apnea, arrisku neoplasikoak…) .
  • Autoestimaren berreskurapenean laguntzea.
  • Bizi-kalitatea hobetzea.

Jarraitzea pentsatu dugun dieta mirariazkoa den edo ez jakin nahi badugu, kontutan izango dugu hala bada ondorengo punturen bat beteko duela gutxienez:

  • Emaitza azkarrak hitz ematen dituzte.
  • Emaitza harrigarri eta “magikoak” hitz ematen dituzte.
  • Elikagai edo elikagai talde baten kontsumoa debekatzen dute.
  • Osasun taldeen baieztapenak kontraesaten dituzte.
  • Sinesgarritasuna emateko dokumentaturik gabe dauden kontaketa edo istorioak gehitzen dituzte.
  • Osasun profesionalen beharrik gabe auto-administratu edo inplementatu daitezke (“zuk zeuk egin”).
  • Elikagai on eta txarren zerrenda dute.
  • Elikagai edo nutriente baten errealitate zientifikoa handitu edo distortsionatzen dute.
  • Tratamendu dietetikoa sustatzen duenak saltzen duen prestakinaren kontsumoa gehitzen dute eta hortan oinarritzen dira.
  • Kontsumitu behar diren prestakinak (produktu dietetikoak edo antzekoak) koste altua izaten dute, emaitza berdinak ematen dizkiguten elikagaien prezioekin konparatzen badira.
  • Ez badu funtzionatzen “dirua itzuliko” dutela baieztatzen dute edo emaitzak bermatzen dituzte.
  • Produktua segurua dela iradokitzen dute “naturala” dela esanez.
  • Albo-ondorioetaz arduragabetzen dira honelako esaldiak jarriz: “fabrikatzailea ez da arduratzen…”
  • Ikerketa zientifiko konplexu batetik ondorio sinpleak ateratzen dituzte.
  • Pertsona gutxirekin burututako edo denbora laburrean egindako ikerketa zientifikoetan oinarritzen diren gomendioak ematen dituzte.
  • Zenbait animalia edo in-vitro zeluletan egindako ikerketetan oinarrituriko gomendioak helarazten dituzte.
  • Kanpoko aztertzailerik  gabeko ikerketetan oinarritutako gomendioak ematen dituzte.
  • Talde edo gizabanakoen arteko ezberdintasunak alde batera uzten dituzten ikerketetan oinarritutako gomendioak.

dieta

MIRARIAZKO PRODUKTUAK

Garrantzitsua da osasun arloko profesionalek eta biztanleriak, osasuna helburu bezala duten zerbitzu, ekintza edo produktuen promozio eta publizitate komertzialean Espainiako legegintzak ezartzen dituen mugak jakitea. Produktu, material, substantzia, energia edo metodo batek ez baditu honako puntu hauek betetzen, “ilegal” bezala kontsideratu daiteke:

  • Gaixotasun kutsagarrien, minbizi edo beste gaixotasun tumoralen, insomioaren, diabetesaren eta beste gaixotasunen prebentzio, tratamendu edo sendaketara zuzendua egotea.
  • Argaltzeko edo obesitatearen kontrako propietate espezifikoak dituztela iradokitzea.
  • Gaixotasun batentzat edo gehiagorentzat sendagai terapeutiko bakarrak erabili nahi izatea.
  • Sintomen arintzea edo sendatzea ziurtatzea.
  • Edozein herrialdetako osasun agintaritzaren homologazio edo kontrol eta edozein motako baimena erabiltzea babes gisa.
  • Farmazia edo osasun zentroetan erabiltzen direnaren erreferentzia egitea.
  • Kontsumoa eragiteko osasun arloko profesionalen, pertsona famatuen edo ezagunen edo ustezko egiazko pazienteen testigantza ematea.
  • Ohiko elikadura edo nutrizioa aldatu nahi izatea, batez ere, adinduen, haurren edo edoskitzaileen kasuan.
  • Egunero kontsumitzen diren elikagai espezifiko, konkretu eta ohikoei propietate terapeutiko, prebentibo edo sendagarriak ematea.
  • Produktu kosmetikoei bere arautegi berezitik kanpo dagoen propietate ezberdin bat ematea.
  • Bere erabilpenak edo kontsumoak errendimendu fisikoa, psikikoa, sexuala edo kirolarena indartzen duela aditzera ematea.
  • Efektu terapeutiko edo prebentiboak deskribatzeko natural terminoa erabiltzea.
  • Legalki onartuak dauden produktu osasungarrien edo botiken erabilpena ordezkatu nahi izatea eta beharrezkoak direla esatea.
  • Osasun arloko profesionalen interbentzioa edo kontsulta ordezkatzea.
  • Orokorrean, estatuko osasun administrazioak espresuki onartzen ez dituen eta nahikoak ez diren proba tekniko edo zientifikoez babestua egotea ezartzen zaizkion efektu prebentibo eta terapeutikoak.

“Produktu dietetikoek” duten konposizio bereziagatik eta bere fabrikazio prozesuagatik, helburu nutrizional egokia duten ohiko elikagaietatik bereizten dira. “Produktu dietetiko” hauek merkaturatzerakoan ez da beharrezkoa beren segurtasuna eta eraginkortasuna egiaztatzen duen entsegu klinikorik egitea.

Europar Batasuna kontziente da egoera hau faboratzen duten industrien kopurua hazten ari dela, horregatik “produktu dietetikoen” eta “normalean kontsumitzen diren elikagaien” arteko ezberdintasuna ezabatuko du, elikadura helburu duten elikagai eta produktuak 1924/2006 araudiaren bitartez kontrolatu daitezen. Araudi hau orain ezarriko balitz, GREP-AEDNk kontsideratzen du, alde batetik, egun komertzializaturik dauden oso “produktu dietetiko” gutxik pasako luketela aipatutako araudia eta bestalde, “produktu dietetiko” bezala saltzen diren “produktu miragarri” gutxiago egongo liratekela eta, beraz, iruzur gutxiago.

Ezberdintasun argi bat dago “produktu komertzialak erabiltzen dituen osasun jardueraren” eta “produktu bezala osasuna erabiltzen duen jarduera komertzialaren artean”. Lehenengoak gizabanakoaren osasuna du helburu, eta hori eskuratzeko produktu komertzial egokien laguntza erabiltzen du. Bigarrengoak, berriz,  produktuaren salmenta du helburu (nahiz eta produktuak ez funtzionatu) bideratuta dagoen gizabanakoaren osasuna eskuratzeko. Biak legezkoak, bidezkoak dira eta biztanleriaren osasuna eta bizi kalitatea hobetu dezake; baina, jarduera komertzial bezala osasuna erabiltzen dutenek izaten dute interes ekonomiko handiena, profesionalaren edo ikertzailearen objetibitatea eta inpartzialtasuna zalantzan jarri daiteke.

Kasu hauetariko bat ematen denean, material, produktu edo “dietaren” promozioaren atzean interes ekonomikoa egon daitekela susmatu daiteke:

  • Profesionalak edo ikertzaileak produktua saltzen, banatzen edo fabrikatzen duen enpresa komertzialarekin zuzenean lan egiten du.
  • Profesionalak edo ikertzaileak, nahiz eta modu zuzen batean enpresarekin lan ez egin, salmentaren kopuruaren arabera diru kantitate bat jasotzen du.
  • Profesionalak edo ikertzaileak, nahiz eta modu zuzen batean enpresarekin lan ez egin eta diru kopurua bat ez jaso, “familia- interes” bat du, enpresan senide batek lan egiten duelako.
  • Profesionalak, ikertzaileak edo erakundeak produktuarekin edo produktuaren printzipio aktiboarekin erlazionatutako patente edo erregistroak dituzte.
  • Produktuaren aldeko azterketa eta informazioak profesional edo erakunde berdinak egindakoak dira, edo azterketa guztiak produktua saldu, banatu eta fabrikatzen dituen enpresak ordaintzen ditu.

suplemento

2009. urtean Ameriketako Estatu Batuetako FDAk argaltzeko produktu askotan, gehienak “konplemetu dietetiko” bezala komertzializatuak eta farmakoak ez zirenak, beraien konposizioan agertzen ez ziren osagai farmakologikoak zeudela adierazi zuten. Osagai hauek farmako batzuetan aurkitu daitezke eta beraien erabilpena “natural” edo “landarez egindakoa” adierazten duten produktuetan egiten bada, arriskutsua izan daiteke kontsumitzailearentzat, iruzurra izateaz gain.

Produktu hauetan aurkituriko substantzia askok ez dute farmako bezala komertzializatzeko baimenik obesitatearen tratamenduan, arrisku handia dutelako edo izan dutelako eta merkatutik kendu direlako.

Harvard School of Public Health-tek dio: gehigarri (suplemento) bat hartzean, kasu gehienetan, gure ekonomiak kalte handiagoa edo txikiagoa jasango du eta baita ere gure osasunak.

MIRARIAZKO DIETEN SAILKAPENA

Dieta hiperproteikoak: ez dago ebidentzia zientifikorik proteinetan altua den dietak pisua galtzen laguntzen duela frogatzen duenik; baina badaude zenbait ikerketa, proteinetan altuak diren eta karbohidratoetan baxuak diren dietak gaixotasun kronikoekin erlazionatzen dituztenak, esate baterako osteoporosia, minbizia, gaixotasun kardiobaskularra, obesitatea, giltzurrun gutxiegitasuna.

Dieta mota hauen adibide dira: Dukan dieta, Atkins dieta, dieta de la zona, dieta Stillman, dieta proteinatua, flash dieta, Clinica de Mayo…

Dieta likidoak: Honelako dieten jarraipena ahultasunarekin, giltzurruneko kaltearekin eta nahaste gastrointestinalekin lotzen da. Gainera, pazienteari ez zaizkio elikadura ohitura osasungarriak irakasten, beraz, tratamendua amaitzean pisua irabaziko du.

Likidoen dieta, artzi siropearen dieta, dieta enterala…

Elikagai bakarreko dietak: Elikagaiaren edo elikagaiak duen nutriente baten propietateak goraipatzen dituzte, ebidentzia zientifikoetan oinarritu gabe. Gainera, elikagai bakarrean oinarritutako dietak direnez, dieta hipokaloriako monotonoak izaten dira, ez dituzte nutriente guztiak ematen eta proteina eta gantzan oso baxuak izaten dira.

Alkatxofaren dieta, udarearen dieta, ananaren dieta, patataren dieta, limoiaren dieta, garagardoaren dieta, 9 eguneko dieta, kiwiaren dieta, oloaren dieta…

Dieta hipokalorikoak: errebote efektua eragiten dute eta pisua abiadura azkarrean irabazten da “dieta” amaitu ondoren. Honek gantz kopuruaren handipena eta gihar masaren gutxitzea eragiten du.

Potitoen dieta, kaloria negatiboen dieta, astronauten dieta, crash dieta, Haas dieta, Scardale dieta, Ravenna metodoa, Clinica de Mayo…

Dieta disoziatuak: elikagaien arteko konbinazioak kontsumitzean pisua irabazten denaren sinesmenean oinarritzen dira. Ez dute elikagai energetikoen kontsumoa mugatzen, baizik eta, elikagaien energia iturriaren aprobetxamendua eragozten dute banatzearen ondorioz. Teoria honek ez du oinarri zientifikorik eta gainera, elikagaien banaketa hau ezinezkoa da praktikan jartzea, elikagaiek ez dutelako proteina, gantza edo karbohidratoak bakarrik beraien konposaketan.

Montignac dieta, Hay dieta, Hollywood dieta, antidieta…

Dieta hiperkarbohidratuak: Lipidoen eta proteinak agertzen ez direnez kaltegarriak da osasunarentzat, izan ere, beste arrazoi batzuren artean, zenbait nutrienteren xurgapena eragozten du, esate baterako, bitamina liposolugarriena.

Dieta Haas, Prittikin dieta…

 Dieta gantzatsuak: Dieta zetonikoak bezala ezagutzen dira, dieta hauek jarraitzean gorputz zetonikoak sortzen baitira. Oso arriskutsuak izaten daitezke osasunarentzat, metabolismoan aldaketa larriak eraginez.

Atkins dieta, Lutz dieta…

You may also like...

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>